TALAIA: Zumaia - Itxaspe
TALAIA 6. etapa

- Iraupena:
- 3ordu 55 min
- Zailtasuna:
- Ertaina
- Desnibela:
- +641/-541 m.
- Distantzia:
- 10,87 km.
- Bide zirkularra:
- Ez
- Ibilbide sarea:
- TALAIA
- Abiapuntua:
- Zumaia
Ibilbidearen deskribapena
Zumaiako erdigunetik, San Telmo ermitara berehala iritsiko gara, Talaia ibilbideko 6. etapa honen hasieran. Ermitatik ikusiko dugu Algorriko labarraren handitasuna, geologoek eta adituek miresten eta ikertzen duten Flyscharen hasiera.
Flyscharen gainean, Elorriagako zelaien artean, Gipuzkoa deskribatzeko hainbestetan aipatzen duten "itsasoa eta mendia" esaerak esanahi osoa hartzen du. Belarrezko tapiz berdearen gainean, eta bazkatzen ari diren abereen artean, soseguz egiten du aurrera bideak, labar azpiko olatuen hondoko musikarekin.
Aurrerago, Sakonetako kalan leuntzen da malkarraren bertikaltasun gogorra. Eguraldiak, eta uraren tenperaturak lagunduz gero, bainu freskagarria hartzeko une aproposa izan daiteke. Neguan, itsasoko haizeak irekiko dizkigu birikak, arnasa berritzeko. Aldapan gora berriz ere, antzinako erromesen moduan, Santa Katalinako ermitak merezi du geldialditxo bat. Izan ere, Debako bokalearen ikuspegi osoa edukiko dugu handik. Deba: ibaia eta herria. Ibaiagatik, merkatal historia luzeko herria izan zena, udatiar askok bisitatzen duen herri aktiboa da orain.




