gipuzkoako ibilbideak 73(e)tik 66.a

TALAIA: Hondarribia-Pasai Donibane
TALAIA 1go etapa

Iraupena:
7 h 15 min.
Zailtasuna:
Handia
Desnibela:
+825/-844 m.
Distantzia:
21,9 km.
Bide zirkularra:
Ez
Ibilbide sarea:
TALAIA
Abiapuntua:
Hondarribiako portua

mide datuak ikusi

IKUSIZ IKASI

Hondarribiatik hasi eta Pasai Donibaneko herrian amaitzen den ibilbide-zatiak, inguruaren iraganaz, naturaz eta kulturaz baliatzeko panel-interpretatibo ezberdinak jasotzen ditu. Ibilbidean zehar sakabanatuta aurki daitezkeen panelek jorraturiko gaiak oso anitzak dira: piratak, karlistadak, hegaztiak, errota zaharrak, abereak, landare haragijaleak, itsasontzien garapena, baleak, ...

Panel guztien helburua, ikusten ez dena azaleratzeaz gain, haren garrantzia dagokion neurrian islatzea da. Horretarako, Mamu izeneko izaki bitxia, urrats bakoitzaren bidaide bilakatuko da. Mamuren eskutik, Jaizkibel mendiak gordetzen dituen altxorrak ezagutzeko aukera ezin hobea proposatzen da.

Sarrerako panela

Talaia ibilbidearen lehenengo etapako datu teknikoak eta Mamuren aurkezpena.

San Telmo gaztelua

Oraindik orain zutik topa dezakegun gazteluaren hormek, duela mende batzuk bizi izandako gertakari bitxien azalpena gordetzen dute. Kortsario eta piratek putzu txikiaren jabe zireneko garaiak ez dira nolanahi ahaztuko Hondarribiako inguruetan.

Higuer

Oiasso izeneko hiri erromatarretik hasita eta egungo teknologia berrien erabilera sustraitu bitarte, Higer itsasargiak argiztatzen dituen eremuek bilakaera nabarmena pairatu dute. Igorritako argi-jokoek, itsasontziez gain, hegazkinen joan-etorriak ere bideratzen dituzte.

Errekasto

Jaizkibelgo sabela ur-biltegi erraldoia da eta, ezkutaleku ilunetik ihesi ateratzen diren lerro umelak, bizi-emaile eraginkorretan bilakatzen dira. Inguru horietan, landare eta animalia bereziez gain, lamien kantuak ere bidaide izan daitezke.

Itsas hegaztiak

Urte-sasoiaren araberako eguraldiak baldintzatuta, batetik bestera ibiltzen diren animaliek eskainitako ikuskizuna itzela da. Batzuen leku-aldaketek, gainera, beste izaki batzuen jokaeretan eragin ohi dute, gizakien hainbat jardunetan tarteko.

Artzuko portua

Artzuko portuak eta haren inguruek historiako hainbat pasadizo esanguratsu ezagutu dituzte. Hala Ameriketatik ekarritako artoaren hedapena nola mendiak eskaintzen zituen harrien ustiapenaren arrastoak ia-ia ikusgai dira oraindik.

Larreak

Jaizkibelgo iparreko magalaren eremu zabal batean topatu dezakegun ekosistema eta paisaia, urteetan garaturiko jardueraren emaitza da; larrea. Azalera berde horretan izandako ospakizun misteriotsuen oihartzunak biziki diraute baserrietako ganbara zaharretan.

Itsasoan

Gure putzu txikiaren ezaugarri azpimarragarrienetarikoa enbata da. Bizkaiko Golkoaren ertz honetan ondotxo dakite enbataren bortizkeriaz eta, itsasoan topa litekeen arrisku bakarra ez bada ere, harengandik babestu ahal izateko bitartekoak ohitura bilakatu dira.

Bioznar

Euskal Baleak, arrantzale askoren bizimodua baldintzatu izan du. Euskal kostaldetik gertu baleak harrapatzen zireneko urteak urrundu ahala, arrantzaleen bidaiak ere luzatu egiten ziren, iparreko lurralde basatietan haien aztarnak utziaz.

Hondarribia eta...

Hondarribia eta Pasaia banatzen dituen lerro mugatzaileak zeresan handia izan du bi herrien arteko harremanean. Pasadizoen artean, Pasaiak, Hondarribiarekiko zuen menpekotasunarekin apurtzeko jorraturiko bide bitxia, bereziki aipagarria da.

Pasaia eta Lezo

Kondairaren arabera, jatorri ezezaguneko Gurutze Santuaren agerpenak lezoar eta pasaitarren arteko tira-bira piztu zuen. Hari egotzitako mirariei esker, fededunen emendatzea lortzeaz gain, Lezon antolaturiko erromeriak geroz eta ugariagoak gertatu ziren.

Xangaxi

XIX. mendean zehar pairaturiko guden arrastoak ez dira Jaizkibelgo gandorretik guztiz desagertu. Liberal eta karlisten arteko liskarren gainetik, ordea, Santa Kruz apaizak inguruko mendietan izandako bizipenak bereziki azpimarragarriak dira.

Hego

Jaizkibelgo bizkarrezurretik hegoaldera zabaltzen den ikuspegia, garaian garaiko garraiobideen isla izan da beti. Itxura eta funtzio ezberdinak betetzeko sorturiko trenek esaterako, gizaki eta zamen joan-etorriak nabarmenki erraztu izan dituzte.

Pasaiako badia

Pasaiako badiaren historia ulertzeko, bertatik irten edo bertara iritsitako itsasontziei besterik ez da erreparatu behar. Mendeetan zehar, helburu ezberdinen aginduetara ibilitako itsasontzien jiteek beraiek, unean uneko ezaugarrien berri ematen digute.